martes, 22 de septiembre de 2009

Politika ekonomiko eta sozialean aldaketa beharrezkoa dela nabarmendu dute sindikatu abertzaleek

Eusko Jaurlaritzan aldaketa egon den arren, politika ekonomiko eta sozialak bera izaten jarraitzen duela eta aldaketa beharrezkoa dela nabarmendu dute ELA, LAB, ESK, STEE, EHNE eta Hiru sindikatu abertzaleek gaur Donostian egin duten mobilizazioan. "Eredu berri bat behar dugu langileok, krisi egoera honetara ekari gaituzten politikak aldatu behar dira", gaineratu dute. Krisiaren aurka, eredu berri bat izan da martxaren leloa eta maiatzaren 21eko greba orokorrari jarraipena emanez egin dute.

"Egungo krisiari aurre egiteko eta eredu ekonomiko eta soziala lortzeko berrarmatze sozial, kultural eta politikoaren alde egiten dugu, propaganda hutsa den elkarrizketa sozialaren aurrean", adierazi dute. Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak sortu zuen elkarrizketa sozialaren mahaia eta, Eusko Jaurlaritzako ordezkariez gain, Confebask, eta CCOO eta UGT-Euskaldi sindikatukoek hartzen dute parte. ELA eta LABek uko egin diote mahai hortan egoteari, parte hartzea eraginkorra ez delakoan. Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak, iritzi horri jarraiki, elkarrizketa sozialak "langileen aurkako egokitzapenak administrazioa arazorik gabe egiten laguntzea" duela xede berretsi du gaur Donostian.

Azaroaren 13an ere mobilizazioa egingo dute Gasteizen sindikatu abertzaleek, Eusko Legebiltzarraren aurrean. Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiei bilerak eskatuko dizkiete mobilizazio horietan. Irailaren 11n Iruñean bildu ziren sindikatu abertzaleak Nafarroako Parlamentuaren aurrean.

Hilaren 15an egin zuten sindikatu abertzaleek mobilizazioetarako deia eta krisitik irteteko dekalogoa aurkeztu zuten han. Besteak beste, enpleguaren alde jokatzea eskatu dute dekalogo horretan eta dagoen enpleguaren kalitatea hobetzea.

lunes, 21 de septiembre de 2009